XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Energia

64. jarduera

Pentsa dezagun pospolo bat pizten dugula.

Badira hor aldaketa nabarmen batzuk.

Alde batetik, piztu egin denez, bere barne-energia eman du pospoloak, eta bestetik erre egin denez, lehen pospoloa zena erretako zotz bihurtu da.

Horrelako aldaketak sortzen dituen egoera ugari beha ditzakezu gure inguruan.

Hemen beheko zerrendan, esate baterako, ekintza mota desberdinak aipatuko dizkizugu eta horietako bakoitzean nolabaiteko eraldaketak daude, ezkutuan ala agerian.

a) Txirrindulari bat aldapan gora doa.

b) Pilaz dabilen jostailu bat gelan zehar mugitzen ari da.

c) Suziri bat, zerurantz igo ondoren, lehertu egin da.

d) Butano-banatzaileak bonbona bat jaso du lehenengo pisuraino.

e) Lapiko bat ur suaren gainean dago.

f) Pilotari batek frontoiaren aurre-paretaraino bidali du pilota.

g) Berebila martxan doa.

h) Lorontzi bateko landarea hazi egin da eguzkipean.

Goiko zerrenda horretako ekintza horiek zein diren arretaz irakurri ondoren, erantzun iezaiezu honako galdera hauei.

1. Zein materia-sistema aldatu dira kasu bakoitzean?

2. Nolako aldaketak izan dituzte?

3. Zein izan da aldaketa horien guztien arrazoia edo eragilea?

Proposa ezazu definizio bat.

4. Zer da eragile horri gertatzen zaiona aldaketetan?

65. jarduera

Seguraski zaila egingo zitzaizun aurreko jardueretako galdera guztiei erantzutea eta energia hitza definitzea.

Dena dela, hurrengo jardueretan argitu ditzakezu kezka hauek.

Hasteko, irakur ezazu arreta handiz ondoren datorkizuna eta ea energia hitzaren esanahia zerbait argiago ikusten duzun.

Unitatean zehar, materialek jasaten dituzten aldaketa fisiko batzuk aztertu izan ditugu: termikoak, elektrikoak, magnetikoak, soinu aldaketak eta aldaketa optikoak.

Baina aldaketa horien guztien motorea edo eragilea energia izan dugu.